Uxue Etxebeste
Hemen dira, hemen dira berriro. Ez dute hutsik egiten. Urtero-urtero, oporren ostean, eguneroko martxara egokitzen laguntzeko, hemen izaten dira Alkizako jaiak, Alkizako festak. Aldizkari hau esku artean duzuenerako, lauzpabost egun besterik ez dira geratuko urte guztiko egun desiratuenak iristeko. Aurten aldaketak izango dira, ez baitira betiko moduan festak jarraian izango. Horretaz, prestaketa lanen inguruan, eta beste zenbait kontuz hitz egiteko, hilabeteetan, hainbat lagunekin batera, herriko jaiak prestatzen jardun duten bi lagunengana jo dugu: Xabier eta Unai.
Esaguzue lehenik eta behin, zeintzuk diren aurtengo jaien berrikuntza nagusiak.
Irailaren 14an, ostirala, mozorro eguna jarri dugu. Ez dakigu funtzionatuko duen. Jendea animatzen bada, etor dadila mozorrotuta. Agian, sariak egongo dira.
Eta zer gertatzen da egunen banaketarekin? Zergatik bi asteburutan?
Gauza gehiegi zeuden egun gutxitan pilatuta, eta horrela hobeto banatuta daudela uste dugu.
Zenbat urte daramazue zuek jaiak prestatzen?
Hamabi urte. Lehen Udala arduratzen zen.
Ba al duzue laguntzarik?
Gutxi. Antolaketari dagokionean, gutxi. Gero, festetan laguntza handia izaten da gauzak prestatzen. Bakoitzak bere eginbeharra du. Bat bertsolariez arduratzen da, bestea sagardo dastaketaz, bestea pilota partiduez... Bakoitzak nahiko finkatuta du zein den bere ardura, eta ez dugu arazorik izaten.
Zer moduz portatzen da Alkizako Udala?
Oso ondo. Sekula ere ez digu oztoporik jarri, ez diru kontuetan, ez eta beste ezertan ere.
Izango al da txosnarik aurten ere?
Noski baietz. Iaz utzi genuen txosnaren ardura guk. Orain gazteek hartu duzue lekukoa. Gu ere oraindik gazteak gara, baina...
Zein izaten da ekitaldirik arrakastatsuena?
Jende gehiena bertsolarietan eta herri kiroletan mugitzen da. Iaz arrakasta handia izan zuen Asto lasterketak. Barrikotea eta sagardo dastaketa ere oso gustukoak dira.
Gauetako giroa asko jaitsi da jende kopuruari dagokionean, baina giroari ondo eusten diogu. Atzean geratu dira Akelarre-rekin izaten ziren kotxe ilarak.
Garestiak al dira Alkizako Jaiak?
Hori Peperi galdetu beharko zaio, kontabilitatea hark eramaten baitu. Gure ustez, ez dira oso merkeak, baina ahaleginak merezi duelakoan gaude, festa on batzuk antolatzeko, eta denen artean ondo pasatzeko.
Badakigu herrian 17-18 urteko gazte koadrila handi samarra garela. Laguntzen al dugu?
Bai, zalantzarik gabe. Urtetik urtera gainera, gehiago egin beharko duzue. Guk dagoeneko… Nik behintzat ( dio Unaik) badaukat uzteko gogoa, bi haurrekin ezin baitiot lehengo martxari eutsi.
Guk eskatu genituen kontzertuak sartuta daude programan. Zer iruditzen zaizkizue?
Oso ondo, ez ditugu ezagutzen baina… Denen gustuko ekintzak jartzen ahalegintzen gara, herriko adintalde guztiak pozik egon daitezen.
Etorkizunari begira, nola ikusten dituzue Alkizako festak?
Hori guk zuei galdetu beharko genizueke. Herriko jaiak gainbehera doaz leku gehienetan. Gure ustez, egunez jai giroak berdintsu jarraituko du; gauez, berriz, jaisten jarraituko du. Halere, herrikoak geratzen bagara, nahikoa eta sobera izango da.
Zergatik gertatzen ari da hori gauetan?
Orain giroa tabernetan dagoela uste dugu. Lehen, Belauntza, Altzo, Albiztur, Zizurkil, Aduna, herri askotako festetara joaten ginen. Gazte-festek izugarrizko arrakasta zuten. Plazagiroa handiagoa zen. Herri txikietako festa lehen zen Plazan zegoen giroa. Plaza-giroa galdu denean, akabo. Jendeak uko egiten ari zaio herri txikietako festetara joateari, pentsatzen baitu horietan ez dela ezer ere egongo. Baserritar giroa galdu egin da erabat. Orain “ghettoak” daude: Oialume, eta abar.
Beraz, herritarrok, badakizue, ondo-ondo pasa, asko edan eta gutxi gastau.
xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta
© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)