Imanol Lizardi
Denok gogoratzen duzue maiatzaren 27an, Batzar Nagusietakoekin batera Udal hauteskundeak izan zirela. Alkizako Udalaren osaketarako hauteskundeei dagokionez, bi zerrenda aurkeztu ziren, eta hauek izan ziren emaitzak:
Horien ondorioz, datozen lau urtetan, zinegotziak eta alkatea zeintzuk izango diren erabakita geratu zen. Batzuk ezagunak ditugu lehendik Udaleko lanetan, beste batzuk ordea, lehen aldiz arituko dira zeregin horretan. Orrialde hauetan aukeratuak izan diren 6 zinegotziak eta alkatea gertuagotik ezagutzeko aukera izango dugu. Beraiekin izan gara, nortzuk diren, nola bizi diren, zergatik egin diren udal ordezkari, eta kontatu diguten beste hainbat kontu zuenganatzeko asmotan. Galdera berberak egin dizkiegu guztiei, eta hara zer erantzun diguten.
Alkatea da. Antzieta baserrian jaio zen orain dela 30 urte, Aitor bere anaia bizkiarekin batera, eta orain artean behintzat, bizi osoa Alkizan eman du. Gaur egun Perualdeko etxeetan bizi da. Ezkongabea da, nahiz eta berak “oraindik” dioen. Arotza da langintzaz, eta Atari aroztegian dihardu lanean, duela 13 urte hasi zenetik. Udalean zinegotzi gisa hasi zen 1999ko ekainaren 13an, Alkizan Eskola Txikien Jaia ospatu zen egunean. Alkate lanetan, berriz, hiru urte beteko ditu aurtengo abenduan. Bere zaletasunak zeintzuk diren galdetzerakoan, zalantza izpirik gabe “ehiza” erantzun du. Lehen pilotan ere dezente aritzen zen, baina “txarra” zelako utzi omen zuen.
Nola egin zinen herriko alkate?
Antonioren heriotzaren ondoren, beste zinegotziek hautatu ninduten. Nik onartu egin nuen, norbaitek behar zuelako leku horretan. Garai zailak ziren haiek udalean: bi zinegotzi berri sartu ziren, bata Antonio zenaren ordez, eta bestea Amaiaren lekuan; idazkari aldaketa izan zen, eta aspaldian herrian izan diren bi proiektu indartsuenak martxan jartzeko zorian ginen, hau da, Mikelena-Peru urbanizazioa, eta Perualdeko etxebizitzak.
Bi urte horiek igaro ondoren, zerk bultzatu zaitu karguan jarraitzera?
Batetik, taldekideek asko animatu naute; bestetik, bi urte hauetan ikasitakoa herriari eskaintzeko aukera nuela pentsatu nuen. Baditugu herrian une honetan zenbait proiektu, eta horiek gauzatzeak ilusioz betetzen nau. Esate baterako: zentro soziala, depuradora, arau subsidiarioen berritzea, e.a.
Lau urte hauek igaro ondoren, zer nahiko zenuke egina uztea?
Lehen esandakoez gain, frontoia egina edo bideratua behintzat uzteak poz handia emango lidake. Proiektu hori martxan zegoen dagoeneko ni Udalean sartu nintzenean. Horrekin batera, gustatuko litzaidake Elizaren Sagrario Monumentala (Ambrosio de Bengoetxearena), herriarena denez, herrira itzul dadin. Seguru egon horretarako egin behar diren ahalegin guztiak egingo ditudala.
Gaur egungo Alkizan, zer gustatzen zaizu? Eta zer ez?
Gustatzen zait dena, gehienbat hemengo airean dagoen sanidadea, lasaitasuna, patxada… Gustatzen ez zaidana berriz, da jendeak behar den garaian ez duela ekimenetan parte hartzen, eta gero behar ez den lekuan (tabernan e.a.) hitz egiten duela.
Zer eskatuko zenieke herritarrei?
Antolatzen diren ekitaldi, ekintza eta bileretan gehiago har dezatela parte, eta esan beharreko guztiak bertan esan ditzatela. Eztabaidatuko dira.
Herrian, gehienek “Pepe” izenez ezagutzen dugu. Udal talde osoan zaharrena izateaz gain, “beteranoena” ere bada, 24 urte baitaramatza zinegotzi lanetan. 52 urte ditu, ezkongabea da, eta Elizegi etxeko seme zaharrena da, beraz Alkizan bertan jaioa da. “Gamesa Innergetic” enpresan hasi zen lanean (orduan Echesa zen), 16 urte zituenean. Bertan dihardu gaur egun, azken bolada honetan “bajan” badago ere. Herria eta herrian ibiltzea gustatzen zaio gehien, ia den-dena baitu kontrolpean. Irakurtzea ere oso gogoko du.
Nola animatu zara zinegotzi izatera?
Horrenbeste urte eta gero, nahiz eta hasera batean zalantza batzuk izan, gogoa nuen. Taldeko jendea animatzeak ere lagundu egin zidan.
Zein arlotan gustatuko litzaizuke lan egitea Udalean?
Edozein arlotan, baina gehienbat Kultura arloa dut gustuko, urte asko baitaramatzat horretan. Gainera, Itsasorekin ondo konpontzen naiz.
Lau urte hauek igaro ondoren, zer nahiko zenuke egina uztea?
Dudarik gabe, frontoia. Aspaldiko urteetako ametsa da hori.
Gaur egungo Alkizan, zer gustatzen zaizu?. Eta zer ez?
Gustatu dena. Eta gustatzen ez zaidana da jendearen “pasotismoa”.
Zer eskatuko zenieke herritarrei?
Antolatzen diren ekintzetan gehiago parte hartzea.
Aloña-mendi, Aizkorri eta Arantzuko Santutegiaren babesean jaio zen 1962. urtean. Ernio mendiaren itzalera, ordea, etorri zen bizitzera 2.000.ean. Ama Berrobikoa du, Tolosaldekoa. Emaztea, berriz, Argentinakoa: Gabriela. Bi alaba ditu: Ane eta Marina. Gutxik dakigun arren, bera bizi den etxeak “Eltzaurpe” du izena, Kanposantuaren ondoan dagoena. Donostiako Filosofia Fakultatean aritzen da lanean, Biologiaren Filosofiaren arloan, hain zuzen ere. Etxeko lorategian irakurtzea du oso gustuko. Alkizan ere teknologia berriek lekua dutela erakutsiz, e-mail bidez erantzun die, patxadaz, guk egindako galderei:
Nola animatu zara zinegotzi izatera?
KOSTATA!!! Hala ere, herriaren ongizatea guztioi dagokigun ardura bat baldin bada, ez zait erraza egiten ardura horren zati bat hartzeko aukera daukazunean ezetz esatea (are gehiago kanpotik etorritakoa izanik). Ezetz esatea ere kosta!!! Parte hartzeko gonbitea Gabrielarekin aztertu genuen. Kontuan hartu behar genuen orain dela 4 urte Marina jaiotzear zegoela (ekainekoa baita) eta zailago izan genuen aurrera egitea, udaletxeko lanarentzako astirik nondik aterako genuen ez bai genekien. Oraingo agintaldian, alde horretatik, errezagoa izan da baietz esatea.
Zein arlotan gustatuko litzaizuke lan egitea Udalean?
Nahiago nuke orain arte izan ditudan ardurak mantentzea, batez ere kontuak (Ogasuna eta Kontu Orokorrak) eta hezkuntza (Heziketa eta Euskara).
Lau urte hauek igaro ondoren, zer nahiko zenuke egina uztea?
Gustatuko litzaidake haurreskola martxan eta finkatuta ikustea eta eskolako berregituraketa ere gutxienez abiatuta (nahiz eta hori Hezkuntza sailaren esku egon eta ez udaltxekoenean). Beste arlo batean, Donjuanena etxea erabat berrituta eta serbitzu sozial anitzetarako egokituta, planifikatutako guztia burutu eta gero.
Gaur egungo Alkizan, zer gustatzen zaizu? Eta zer ez?
a) Bertako bizitza lasaia, naturaren erdian nolabait, hiri eta herri handiagoko giro urbanotik at, eta erabat euskalduna izatea.
b) Ez zait okurritzen ezer aipatzea merezi duenik, biztanle bezala behintzat (azken finean gu hona bizitzera nahita etorritakoak gara, aukera zehatz baten ondorioz). Baina, hain lausengari ez geratzeko eta zinegotzia naizen aldetik, udaletik begiratuta, agian bertakoen partizipazio falta aipatuko nuke eta, era berean, hain beharrezkoa den kritika zuzenean eta aurpegira egin beharrean esames eta zurrumurruen sahiesbidetik eramatea, baina ez dut uste hau Alkizako ezaugarria denik, baizik eta fenomeno orokorra.
Zer eskatuko zenieke herritarrei?
Alkiza herriarekiko begirunea. Honek esan nahi du bertan daukagun giro soziala eta naturala aintzat hartzea, estimatzea. Eta ondorioz mantentzen ahalegintzea (eta hobetzen, jakina). Askotan ondo balioesten ez duguna konturatu gabe ez dugu zaintzen eta galtzeko arriskuan jartzen dugu, nahi gabe ere.
Tolosan jaio zen 1976ko urtarrilaren 2an. Alkizara bizitzera etorri zen, Santiago Bideko etxeetara 2004an. Botikaria da. Aspaldi, Iruran jardun zuen lanean, baina egun Ibarran dihardu. Gorkarekin dago ezkondua, eta Oier izeneko mutiko bat du. Haurdun dago, eta elkarrizketa hau egin diogun egun berean esan diote neska dela bidean duena. Pozik dago. Bere zaletasunez galdetu diogunean, Gorkak aldamenetik dio gustukoen duena Zara dendetan erosketak egitea dela. Ainarak barre egin du, eta horrelakorik ez idazteko esan digu. “bai, jarri lasai, nire baimena duzu” esan digu umoretsu Gorkak. Bere hitzetan, berriz, irakurtzea eta kirola egitea da eskulanekin batera, gustukoen dituenak, nahiz eta azkenaldi honetan, gehienbat kiroletarako denbora falta handia sumatzen duen.
Plazan egin dugu hitzordua, eta zintzo-zintzo azaldu da ordua baino pittin bat lehenago familia osoa.
Nola animatu zara zinegotzi izatera?
Pepek eta Jonek deitu zidaten. Hasieran ezezkoa eman nien. Gero, dezente hitz egin ondoren, animatu egin nintzen. Esperientzia berria da niretzat, eta interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan.
Zein arlotan gustatuko litzaizuke lan egitea?
Atzo bertan egin genuen arduren banaketa, eta jarri nauten funtzioetan gustura nago, hau da, kirolak eta festak, zaborren mankomunitatea, eta herri txikien arteko koordinazio lana.
Lau urte hauek igaro ondoren, zer nahiko zenuke egina uztea?
Une honetan esku artean ditugun proiektuak bukatuta uztea gustatuko litzaidake: depuradora, zentru soziala, frontoia, e.a.
Gaur egungo Alkizan zer gustatzen zaizu, eta zer ez?
Gustatu lekua, paisaia ikusgarria da, benetan ederra. Herrian, oro har, dagoen giroa ere oso gustuko dut. Bestalde, oraindik ez dut gustatzen ez zaidan ezer aurkitu. Denetarako izango dut denbora.
Zer eskatuko zenieke herritarrei?
Pazientzia azaltzea hasi berria dudan lan honekin. Ahal dudana egingo dut, baina errespetua eta begirunea eskatuko nituzke.
“Tirikitauki tauki, mailluaren hotsa,” dio euskal kanta batek. Biak ditu oso gustuko Koldok, harritik irudiak sortzea, eta eztarrian hots leunak eraikitzea, hau da, kantatzea . Lehenbizikoa lanbide egin du, bigarrengoa nork daki, egunen batean… Irudigilea da, bai, eskultorea. Sarri ikusten dugu egunkarietan, telebistan… Donostian jaio zen orain dela 47 urte. Aita Larraulgoa zuen, eta umetan askotan joaten zen aitaren baserrira. Elena andrea, eta Gerezi alabarekin bizi da “Capitan Tximista” izena duen etxean, urte osoan sandaliekin ibiltzen den gizon sendo hau.
Harria lantzen du, bai, eta era berean kontrolpean ditu gaur egungo teknologiek eskaintzen dituzten baliabideak. E-mailez helarazi dizkigu egindako galderen erantzunak.
Nola animatu zara zinegotzi izatera?
Herritarra delako herriaren alde zerbait egiten duena. Neure burua herritarraz jotzen dut.
Zein arlotan gustatuko litzaizuke lan egitea Udalean?
Ez dut arazorik edozein arlotan lan egiteko. Honelako herri txikiak uste dut laguntza guztien beharrean daudela.
Lau urte hauek igaro ondoren, zer nahiko zenuke egina uztea?
Herritarren parte hartzea herri gaietan, baina horretarako ere borondatea behar izaten da.
Gaur egungo Alkizan, zer gustatzen zaizu? Eta zer ez?
Oraindik gutxi hondatuta dagoela. Eta gustatzen ez zaidana plan urbanistikoa eta abar orokor bat ez izatea, neure ustez inportanteena da planifikazio bat egitea eta gero kokatu non izango diren etxeak eta abar. Inguruko herriak gustatzen ez bazaizkigu, saiatu beharko genuke haien akatsak ez berregiten.
Zer eskatuko zenieke herritarrei?
Herri gaietan parte hartzea, arlo guztietan. Haurren benetako parte hartzea heziketa honetan hasten da. Etxean entzun eta exenpluz ikusten dutena eginen dute. Ez du herria maite parte hartzen ez duenak baizik, kexekin bakarrik ez dira gauzak konpontzen.
Dezente dira azkenaldi honetan Donostia aldetik Alkizara bizitzera etorritakoak. Lasaitasun nahiak, naturak, zaratarik ezak… erakarrita etorri ohi dira gehientsuenak. Horrela etorri ziren 2001. urtean Beatriz eta Andoni. Garro baserria erosi, eta Andoni langintzaz igeltseroa dela kontuan izanda, polikipoliki euren kasa berriztatu zuten. Bea 1978an jaio zen Donostian. Olaia izeneko 3 urteko alabatxoa du, eta abenduan bigarrenaz erdituko da. Pozik dago. Gustura bizi da Alkizan, eta bertan jarraitzeko asmoa du.“Etxez etxeko laguntza” programan egiten du lan.
Alabaren bila etorri da eskolara, ikasturtea amaitzear dela, eta plaza izkinan harrapatu dugu. Hara zer erantzun digun:
Nola animatu zara zinegotzi izatera?
Amaia Ibarbiak Udala utzi zuenean hasi nintzen. Jon eta Peperekin hitz egin nuen. Bi eguneko epea eskatu nien pentsatzeko, eta baiezkoa eman nien. Nik ere herriarentzat zerbait egin nezakeela pentsatu nuen. Era berean, herria ezagutzeko eta bertakoekin harremanak egiteko aukera ezin hobea zela uste izan nuen. Ez nenbilen oker.
Zein arlotan gustatuko litzaizuke lan egitea Udalean?
Nagoen bezala ondo nago. Ardura gutxi ditut. Orain gainera bigarren haurrarekin ez dakit nola moldatuko naizen. Nire ardurak dira Osasuna, Heziketa eta Euskara, eta Ogasuna eta Kontu orokorrak.
Lau urte hauek igaro ondoren, zer nahiko zenuke egina uztea?
Depuradora jartzea, eta ondo jartzea da niretzat konturik garrantzitsuenetakoa. Euria egiten duenean, jasanezina da kiratsa Aldapa bailara osoan.
Gaur egungo Alkizan, zer gustatzen zaizu?. Eta zer ez?
Oro har, dena gustatzen zait: lekua, dagoen giroa e.a. Gustatzen ez zaidanik ez zait orain bertan bururatzen.
Zer eskatuko zenieke herritarrei?
Konfidantza, pazientzia eta laguntza.
Berarekin harreman berezia ez dugunok, traktore berde handi baten gainean ikusten dugu, gehienetan Arana bailarako errepidean. Aitor da. Agina baserrian jaio zen, duela 28 urte. Bertan bizi da, eta geroan ere ez da urruti biziko, etxea eraikitzen ari baita han bertan, Josu anaiarekin batera. Igandea zen etxera bisitan joan gintzaizkionean, eta nola ez, belar artean topatu genuen, lanean. Traktore berdea ez zuen urrun. Aspaldi samarretik andregaia duen arren, ezkongabea da.
Zaletasunez galdetu diogunean, ehiztaria ez dela esan digu azkar asko. Hori bai, tiro hotsa bereziki maite ez badu ere, motor hotsa bai. Motoak eta autoak dira burua pixka bat galarazten diotenak.
Sardea eskuetan duela, erantzun die gure galderei.
Nola animatu zara zinegotzi izatera?
Antonio Zubiaurre hil ondoren alkate Jon jarri zen, eta hark bere zinegotzi lekua betetzera animatu ninduen. Geroztik, legealdia amaitu arren, gustura jarraitzen dut Udaleko zereginetan.
Zein arlotan gustatuko litzaizuke lan egitea Udalean?
Lehendik ditudan ardurekin gustura nago: Tolomendi eta Mataderoa. Gehienbat Tolomendirekin nago gustura, bertan aztertzen diren gaiak nekazal munduarekin lotura estua baitute; eta ni horretan nabilenez, ba… gustura sentitzen naiz.
Lau urte hauek igaro ondoren, zer nahiko zenuke egina uztea?
Depuradora. Frontoia ere konpondu, aldatu, edo egin beharrekoa egin beharko dugu. Bide batzuek ere badute konpontzeko premi ederra.
Gaur egungo Alkizan zer gustatzen zaizu? Eta zer ez?
Gehien gustatzen zaidana da oraingoz behintzat osoa dagoela, eta ez inguruko herri batzuen modura, dena txikituta. Gustatzen ez zaidanik, ez zait horrela bat-batean bururatzen. Hotzean harrapatu nauzu.
Zer eskatuko zenieke herritarrei?
Norbaitek zerbaiten premia badu, behar den lekuan eskatu dezala.
Ekainaren 19an Udalbatzarrak ez ohiko Bilkura egin zuen, eta bertan, besteak beste, Informazio batzordeak osatu ziren eta baita Kide Anitzeko Organoetan ordezkariak izendatu ere.
Batzorde iraunkorrak modu honetara sortu eta eratu dira:
Korporazioaren eskumenekoak diren kide anitzeko organoetan, berriz, ordezkari moduan hauek daude izendatuak:
Bestalde, denok dakizuenez, alkate kargurako Jon Roteta aukeratu zuten, eta honek Alkataorde gisa, Jose Mari Aranzabe izendatu zuen.
Azkenik, ikusirik Udalbatzarren bileren maiztasuna zehaztu beharra zegoela, aho batez erabaki zuten bilerak hilean behin ospatuko direla, hileko azkeneko asteartean, 20:30etan, egun hori jai eguna denean izan ezik. Kasu horretan laneguna den lehenengo asteartera atzeratuko dira bilerak.
xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta
© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)