edukiak
edukiak

EditorialaEditoriala

Mendiolatik Xabier gogoratuz

Manu Urruzola

irudia
1992ko Santa Ageda bezperan. © Rosarito Urruzola

Dooooooooooooooooooooooooo.................
Norbaitek esango dik erotu naizela baina ez, ez, kaskezurrean sartu zitzaian solfeoa erakutsi behar higukela eta hala! Eskua gora eta behera eta ezkerrera eta eskuinera. Uste diat norbaitek agujetak ere izan zituela eta solfeoa... apenas.

83a huen eta aurretik Moxok jakinaren gainean jarrita utzi zian Alkizako eskola: “Datorren maixua eskulanetan behintzat oso trebea dek/n eta aprobetxa ezazue”. Hark zerbait bazekian. Geroztik 10 urte hemen pasatakoak eta ai, zenbat oroitzapen…

Orain eskolan kabitu ezinik zebiltzak, baina hik nonbait espazioa alperrik galtzen zegoela edo… Tailerra egin behar zela beheko solairua lau zatitan banatuz, eta lehenik proiektua egitea gure esku, eta gero hantxe, “jo ta fuego” ostiral arratsaldero, asteburuaren atari, josten, arotzean, sukaldean eta buztina lantzen zerbait ikasi genian. Moxok arrazoi.

Edo montatutako laborategia: pote batekin argazkiak atera eta errebelatzen ere aritu gintuan; diapositibak egiten; liburu bana ere idatzi genian eta baita enkuadernatu ere. Kazetari sen honen oinarri, hilean behin idazten genian “Herri-Hitz” hilabetekaria.

Ta irratia, jo gure Traganarru irratia, oraindik ere martxan zagok hi. Grabatua zegok Euskadi Irratikoek zuzenean, hemendik, Euskal Herri guztirako egin zuten saioa Jaime, Arantxa eta Mª Karmenekin. A zer ume ahotsak gaur helduxeago direnenak. Zer esan pelikulari buruz, extralurtar bati Alkiza guztia erakutsi ondoren dena amets batean geratu zenekoa, bai pelikula eta bai eskolarteko saria. Hire beste pasioa garbi zagok zein zen; musika. Eneee, txistuko klasean egiten genituen parreak. “Pello Joxepe” eta “Uso xuria” behintzat ikasi genizkian, eta ez dek gutxi. Eskerrak soinu ttiki bana ez higuken erosi arazi behintzat. Edo kitarra; ze politta kitarra joaz Txirritaren bertsoak abesten genituenean. Bapatean hasteko puntturaino iritsi gintuan ta etzekiat-etzekiat jarraitu izan bagenu Egañak hainbeste txapel jantziko ote zituen.

Hainbat eta hainbat kontu zeudek gure memoritan. Hargatik bazekiat eta ziur nagok hire urterik kuttunenak Alkizan pasa hituela eta maite gaituala, guk hi bezela, baina jakin nahi genikek noiz etorriko haizen bixitan Alkizara Mendiola aldetik, hamaika korrika saio egindako parajetatik.

Gauza asko zor dizkiagu eta kolpean gauza asko aldatu izan arren, espero diagu halakoren batean kitarrarekin Xabier Leteren kantak abestuaz elkar ikustea. Hire umore ironiko hori ezin dek kolpean itzali. Guretzat beti “Xabier maixua” izango haiz eta … Denagatik milesker, agur eta ohore artixta!

Ea hurrengo bertsoren batek zerbait gogorarazten diken.

 

Gazte gazterik etorri hitzan
ta Alkizako partian
zorte ederra izan genian
egon hitzan bitartian.
Ondo gogoan izango haugu
bizi geraden artian
hire aipamenak izango dituk
beste larogei urtian.

Esan bezala ezagutua
diagu guk hainbeste poz
Hire esana aspaldikoa
kantatu “denok” ta “gogoz”.
Alaitasuna gure kontura
Xabier kantu ta bertsoz
hik hor nonbaiten musika jarri
soinua ta kitarra joz.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala