edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Aiztondoko IV Gutun Lehiaketako Sari berezia

irudia
Olga erdian, Juan Carlos eta Ixiar Alkizako eskolako beste bi irakaslerekin.

Denok ezagutzen duzue Olga Villa, Alkizako irakaslea, Larraulen bizi dena. Aurtengo Aiztondoko Gutun Leihaketan parte hartu zuen, eta ez nolanahi gainera, sari berezia irabazi baitzuen. Interesgarria iruditu zaigu Oilategitik aldizkarian berak aurkeztu eta saritua izan zen eskutitza oso-osorik zuenganatzea. Sari banaketa ekainaren 4an egin zen Alkizako Kultur etxean. Eskutitza egiteko aurtengo edizioan zuten gaia hau zen: "Preso sentitzen den bati".

 

Larraulen 2011ko maiatzaren 2an

Aupa Amaia!

Aspalditik nuen gogoa zuri idazteko, ez hitz egiteko. Askotan hitz egin dugu gai honetaz baina badakizu, hitzak haizeak eramaten ditu...Gainera nahiago nuke idatzita gordeko bazenu, behin eta berriz irakurtzeko aukera emango bailizuke...

Azken honetan zure isiltasunak nauka kezkatuta, isilik egonagatik ere asko esaten duzu eta.

Ondotxo dakit zein gau luzeak izaten dituzun, buruari bueltaka eta bueltaka, hamaika mila ideia batera nahasten zaizkizularik, lo egiteko hamaika mila postura desberdin probatzen dituzularik, baina alferrik. Okerrena sentipenak dira, nekea, nazka, angustia, bakardadea eta zeure buruarekiko sentitzen duzun mesprezua. Mesprezua, umea hazteko egoera korapilatsu horri buelta eman ezinik zabiltzalako, mesprezua, inutila sentitzen zarelako eta mesprezua, psikiatrak ematen dizkizun aholku eskas horiek ez dutelako funtzionatzen.

Badakit zure buruak preso zauzkala bai, baina nik, zure bihotzeko lagunak, gauzatxo pare bat esan nahiko nizuke. Horrelako egoeratan denek ematen dituzte aholkuak eta animuak, bale, baina zure bihotzeko laguna naiz ni. Eta maite zaitut. Beldurrez zaude bai, ba egon. Esaiozu zure beldur horri laster irabaziko diozula, zuk presarik ez duzula eta bera zu baino lehen nekatuko dela bultzatzen, zure gorputza kuzkurtzen eta ez badizu etxetik ateratzen uzten, lasai zuk presarik ez duzu eta. Egon. Benetakoa da nire asmo bakarra, zurekin egotea. Begi zulo handi handiak dituzula? Niretzat interesanteagoa dirudizu horrela, argaldu zarela, lasai, beldurra joandakoan xapu ederra jango dugu Getarian eta!

Herenegun ikusi genuen pelikulaz gogoratzen al zara? Andre txolin harekin par pixka bat egin genuen eh? Bihar ere beste pelikula bat eramango dizut eta gogoz sentitzen bazara elkarrekin ikusiko dugu edo bestela eskutik helduko zaitut eta horrelaxe egongo gara luze; ez tristetu laguntxu, utzi dena nire esku. Egun hauetan euria egin ondoren ez al diozu hodeiertzean sortzen den kolore argiari erreparatzen? eta urrunean zure balkoitik ikusten den Adarra mendiari? Ez tristetu lagun. Luzaroan izan zara maitagarria, egiazalea eta kementsua. Orain egoista eta itsusia sentitzen zara, buruak preso hartu zaitu Amaia, besterik ez! Aldapa gora zindoazela harrapatu zaitu. Haurra jaio berria duzula… Ai zein ume potxoloa duzun! jateko moduko pastela. Baina ez kezkatu, hartu atseden, egon, eseri. Nik ederki dakit bihotzean daramazuna eta bihotzak ezin du disimulatu. Bizirik iraun udaberria arte, laster asmatuko duzu zoritxarrak nola ezabatu daitezken, bai horixe! Ezkortasuna ez da jendeak dioen bezain kaltegarria. Ezkortasunak zoriona topatzeko balio du. Zurrunbiloz beterik duzu burua, ilusiorik gabe bizimodua eta hiltzeko gogoa daukazulako zaude lotsatuta. Ondo da, hartu arnasa sakon eta tori eskua, hartu nire eskua lagun.

Sendagileek depresioa duzula diote, gaixorik zaude besterik ez. Haurrak gaixotzen direnean bezalaxe gertatuko zaizu, ziur egon. Sukarraren ondotik etorriko zaizu indarra eta hazteko premia. Zoriontasuna zeure inguruan dabil, ez dudarik egin, neuk ikusten dut zure etxe barruko bazterretan, zure atari ondoko loreetan, zure betiko lagun honek ikusten du, ez tristetu Amaia, bene-benetan hortxe dago eta.

Gauzak diren bezala ikusten erakutsiko dizugu berriro eta orduan burua besapean gordeko duzu, bihotzari bere betiko lekua emanez.

Bueno, ondo lo egin, eta ezin baduzu, elizako kanpaien doinua entzun edota ohe barruan duzun sagutxuari begiratu. Bihar arte, lagun.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala