edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Alkizako euskararen testigantza Euskaltzaindian

Aritz Abaroa Cantuariense, Euskaltzaindiako ATHC egitasmoaren teknikaria

irudia
Periko eta Ixabel euren senide Bernabe, Irene eta Millanekin.

Bakoitzak bere etxetik dakarren euskaraz hitz egiten dugulako gara euskaldunak, eta hori da, besteak beste, gure izaera definitzen laguntzen digun faktoreetako bat. Kilometro gutxiren barruan aberastasun handia aurkitu genezake hizkuntza aldetik Euskal Herrian, izan ere, guztiok dakigu euskararen mugak ez direla oso zabalak, baina era berean badakigu txikitasun horren pare, hizkuntzaren freskotasuna agertzen duten hainbat eta hainbat herri hizkera baditugula. Bakoitzak berea eginez, denon artean guztiona egiten dugu euskal hiztunok gure egunerokotasunean, eta horixe da, nagusiki, Euskaltzaindiak Ahozko Tradizioko Hizkeren Corpusa (ATHC) egitasmoaren bitartez jorratu nahi duen ikerketa esparrua.

Ahozko Tradizioko Hizkeren Corpusa (ATHC) egitasmoaren helburu nagusia, izenak berak agertzen duen bezala, gure herri honetako hizkera desberdinen lekukotasunak jasotzean datza, ondoren etorkizuneko ikerketetarako baliagarri izango den corpus hautatu bat sortzeko.

Hori horrela izanik, aukera zoragarri bat izan nuen igaro zen urtean, eta zuon herrian, Alkizan, izan nintzen pare bat egunez Iñaki Irazabalbeitia eta Maxux Aranzabe adiskideen bitartekaritzari esker. Berriemaile bikain bi izan nituen solaskide, bata "Periko" eta bestea Isabel, Urruzola neba-arrebak hain zuzen ere. Berauek izan ziran, bada, Alkizako euskara aberatsaren enbaxadore egun horietan. Hainbat kontu zahar zein berri, garai bateko ohiturak, usadioak, mitoak, ofizioak, lekuak eta pertsonak izan genituen mintzagai ordu luzez, eta biziki eskerturik agertzen natzaien giro ezin hobean, Alkizarron euskarazko testigantza luzea jasorik gelditu zen.

Gaurko honetan, ordea, ez nuke inor aspertu nahi gure eguneroko lanaren metodologia zein den azalduz, ezta bestelako teknizismo malkartsuak aipatuz, izan ere, badira "Perikok" eta Isabelek kontaturiko zenbait istorio kurioso gure artxibo handi honetan, eta nola ez, horietako bat eskaini nahi dizuet, beti ere Alkizako euskarari errespetu osoa agertuz, eta ahalik eta transkribapen zintzoena eginez.

Hona "Periko" Urruzolak kontaturiko beharrari buruzko istorio barregarri eta labur bat.

"Hala, morroia nagusiak bialdu dik etxetik gora alpapatara:

- Ekarri ezak sorta bat alpapa!

Bialdu dik, eta egin dik sorta, eta leku zelaia omen huan, eta hor etorri zaio, "sorta egin zuela, baina… ez zuela jasotzen bizkarrean inolaz eta…"

- Joan hadi berriro, eta hots egiok beharrari!

Nagusiak esan omen zion beharrari hots egiteko. Joan dek, eta sortaren ondoan pentsatzen hasi, eta beharrari oihuka aritu duk "beharra! beharra!" eta inor etortzen ez. "Hau dek komeria hau!"

Behin, koska omen zegoen eta…, "mekauen", gogoratu! Arrastaka ekarri omen zian honen izkina hontara, eta han koskatik hartu omen zian bizkarrean, eta etxera ekarri omen zian.

Gero, egun batez, morroiak esan dio nagusiari.

- Zuk bai neri esan beharrari hots egiteko, baina ez zait ba inor etorri!

- Eta zer egin dek ba azkenean?

- Arrastaka ekarri, eta beheko koskatik hartu.

- Horixe dek ba beharra, motel!"


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala