edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Alkizan, 2011ko ekainaren 19an lehen jaunartzeak

Jose Ramon Aranburu

irudia
(Unai Sorarrain)

Orain dela 3 urte izan ziren azkeneko Lehen Jaunartzeak Alkizan. Orduan 2 mutiko izan ziren, aurten berriz aspaldiko partez, gure elizako aldarean ume talde haundia sortatu da, alajaina, 6 neska mutil: Eñaut Aranburu, Mattin Gorostidi, Aitzol Iturrioz, Ane Txapartegi, Aitor Sorarrain eta Eider Aranburu.

Gogor prestatzen aritu dira egun hau, bere katekista ondoan zutela. Egia zen, ospakizuna erabat desberdina eta zoragarria izan da: umeak izan dira protagonista: beraiek irakurri dute; Aleiluia abestu dute, gitarraz lagunduta, ...eta bukaeran honako bertso eder hauek (habanera doinuarekin).

Eñautek:

Eguerdion lehendabizi
Poz-pozik kantura nator
Zuek guztiekin degu
Guk seirok gaur nahikoa zor
Ane, Mattin, Eider, Aitzol,
Ni Eñaut ta hori Aitor
Mila esker familiak,
Hain gertu eta hain jator
Musu bat Pello ta Miren
Beti alai, beti baikor.
Eskerrak monagilloei,
Bat Haritz, bestea Igor,
Den-denak gaude gaur hemen,
Ia ez da falta inor,
Jesus bera ere parrez
Aldaretik hona dator

Mattinek:

Kaixo aita, kaixo ama
Jo, zu bai guapa zaudela
Kaixo amona, aitona,
Gaur postrerako pastela
Ze dotore gauden denok,
Printze-printzesen tropela
Ta gainera opariak
Ditugu gero, jopela
Alkizan jakin zazue
Txintxok izango garela,
Beti portatuko gera,
Aingerutxoak bezela,
Egia esan,lehen ere
Portatzen ginen horrela,
Benga! Aita, esan zazu
Baietz, hori hola dela

Yurrek:

Katekisten izenean,
Baita naizelako ama,
Esker hitz batzuk nahi ditut,
Helarazi zuengana.
Lagundu duzuen denei,
Besarkada handi bana,
Begira zeinen ederki,
Ze ondo dijoan plana
Ta zuei seiroi gauza bat,
Isilean geneukana,
Oparitxo bat dezue
Zatozte gero gugana
Guztioi bihotzez ondo
Joan dadila gaur dana,
Gutxitan okertzen baita,
Maitasunez egin dana

 

Egun hau prestatzen ari ziren egun batean, beraiengana hurbildu nintzen eta galdera batzuk erantzuteko proposamena egin nien banaka. Ez nuen nahi, talde bezala erantzutea, baizik eta, baikotzaren opinioa. Hauek dira, egin nizkien galderak:

Eñaut Aranburu:

Zer da zuretzat lehen jaunartzea?
Jauna ezagutzea maitatzea eta bere gorputza hartzea.

Egun haundia al da zuretzat?
Bai neretzat haundiena.

Zergatik?
Familia guztia bilduko garelako egun garrantzitsu honetan.

Mattin Gorostidi:

Zer da zuretzat lehen jaunartzea?
Jesus ezagutzea eta bere gorputza hartzea.

Egun haundia al da zuretzat?
Bai noski, haundia.

Zergatik?
Poztasunez beteriko egun haundi bat delako.

Aitzol Iturrioz:

Zer da zuretzat lehen jaunartzea?
Ilusioz beteriko eguna eta Jesusen gorputza hartzea.

Egun haundia al da zuretzat?
Bai haundia.

Zergatik?
Familiarekin elkartu eta egun zoragarria izango dudalako.

Ane Txapartegi:

Zer da zuretzat lehen jaunartzea?
Jesusen gorputza hartzea eta maitatzea.

Egun haundia al da zuretzat?
Bai bai, haundienetako bat.

Zergatik?
Eguna oso polita eta ederra izango delako.

Aitor Sorarrain:

Zer da zuretzat lehen jaunartzea?
Jesusengandik ikastea eta bere gorputza hartzea.

Egun haundia al da zuretzat?
Bai oso haudia.

Zergatik?
Lehengo Jaunartzea dudalako eta egun oso berezia da.

Eider Aranburu:

Zer da zuretzat lehen jaunartzea?
Jesus maitatzea, sinistea eta bere gorputza hartzea.

Egun haundia al da zuretzat?
Bai oso haundia eta ederra.

Zergatik?
Egun oso ona eta maitasunez beterikoa izango dudalako.

 

Egia esan haurrek emandako erantzunek, zer pentsatua eman zidaten. Haurrek erantzun duten bezala, ez dute bere Lehen Jaunartzea egin opariengatik, Jesusekin bat egiteagatik baizik, egun handia delako eta familiarekin igaro nahi zutelako.

Horregatik, eskerrik asko, talde zoragarri honi egun eder bat eskeintzeagatik, eta horrela jarraitu jator eta elkarrekin horrelako egunak ospatzen.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala