edukiak
edukiak

Udalaren txokoaUdalaren txokoa

Udalaren txokoa 2011

irudia
Alkizako udal talde berria. (X. Artola)

Atal honetan azaltzen diren aurrekontuei buruz ohar bat.

2009ko urte bukaeran, urte osoan zehar pilatzen joan zen egoera ekonomiko kaxkarra kontuan izanik, hainbat erabaki hartu behar izan genuen, udalaren egoera ekonomikoa saneatua mantentze aldera eta, era berean, herritarren egoera ez gehiago kaltetzeko.

Erabaki garrantzitsuenak, alde batetik, gastuak ahal zen neurrian murriztea eta 2010 urterako aurrekontua guztiz zuhurra egitea izan ziren. Hortarako, adibididez, argindarraren eta telefonoaren gastuak murrizteko neurriak hartu ziren (instalazioa egokitu, ordutegiak berrikusi, kontratuak bernegoziatu, ...) edo gabonetako saskiak adinera (65 gaindituta) eta jubilaziora, bietara, zorrotz baldintzatuta banatzea erabaki zen, udal ordezkari eta langileak zerrendatik kanpo utziz.

Bestaldetik, era berean, zalantza asko bagenituen ere, zergak zeuden bezala uztea erabaki genuen. Horrela 2010ko zergak aurreko urtekoak, 2009koak, berberak izan ziren. Herritarrei presioa ez areagotzeko, eta egoera onera egiten hasiko zen itxaropenarekin hartutako erabakia izan zen.

Horrela, 2010 urte bukaerara iritsi ginen eta, zoritxarrez, egoera ekonomiko orokorra ez zen hobetu, baizik eta, izatekotan, alderantzizkoa ere gertatu zen, okerrera egiten jarraitu zuela.

Egoera horretan, azken finean krisiaren arrazoi berberagatik, udalean ezin izan genion mantendu beste urtebetez zergak ez eguneratzeari. Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen den ekarpena (aurrekontuetako nagusia: sarrera arrunten 3 laurdenak, beste laurdena zergak eta tasak osatzen dutelarik) eta beste sarrera guztiak ere murriztuko zirela aurreikusten baikenuen.

Beraz, 2011rako zerga gehienetan KPI(IPC)-ren arabera igo behar izan genituen kopuruak (gutxi gorabehera % 2.5). Salbuespen bat egin genuen ordea: zaborraren tasa, igoera haundiago bat izan zuena ondoren azaltzen den arrazoiagatik.

Zerbitzu hau da, aldearekin, defizit haundiena duena aspalditik:

2010ko aurrekontuetako datuak: kostoa 24.893,04, sarrerak: 14.904 (2011ko aurekontuetako datuak: kostoa 25.300, sarrerak: 18.500).

Horregatik, hasiak ginen lehendik ere planteatzen kosto errealetik hurbilago jarriko zuen hainbat urteetako igoera berezien plan bat (5-7 urteetan berdintzera ailegatzeko). 2010ean hastekoak ginen baina, lehen aipatu dugun erabakia zela eta, beste guztiekin batera zerga hau ere bere horretan uztea erabaki genuen (bereizketa hori zegoeneko egiten hasi ala ez dezente eztabaidatu ondoren).

Datu hauekin, agian, konparatu ahal izango dituzue joan zen urteko eta aurtengo aurrekontuak, eta baita hobeto ulertu ere dagoeneko ordaintzen hasiko zineten 2011ko hainbat zerga eta tasa.

Ez genuke azalpen hau bukatu nahi ñabardura bat erantsi gabe. Jakitun gara hainbat arloetan erakunde publikoen ardura, Udalarena barne, beharrezkoak diren gastu sozialen defizitari aurre egitea dela, eta horretan saiatzen gara ahal dugun neurrian behintzat. Baina, horretaz konbentzituta gauden bezala, iruditzen zaigu era berean, zaborrarena ez dela horietako bat izan behar.

Eztabaida luze eta sakon baterako beta eman dezaken gaia, dena dela.

Don Juanena zentro soziala finanziatzeko mailegu operazioa.

2010 aurrekontu horietan baita mailegu moduko bat kontuan hartu behar izan genuen ere, Don Juanena etxean abiatzeko ziren berritze lanetarako Udalak jarri behar zuen ekarpenari aurre egiteko (90.000 € ). Urte hasieran aurreikusi eta Kutxarekin negoziatu genuen, baina indarrean 2010ko udan jarri zen. Azkenean, kreditu erabilgarritasun modalitatea aukeratu genuen, ez mailegu arrunta, eta urte beterako adostu genuen beste urte batez berritzeko aukerarekin.

Altxortegiko kreditu honek esan nahi du baimendutako kopuru osotik (90.000 €) erabiltzen den diruagatik bakarrik ordaintzen direla interesak (% 3 inguru) gehi kopuru txiki bat (% 0,15) erabiltzen ez den kopurua eskuragarri izateagatik. Horrela, hasieran udalaren ekarpena egiteko dena erabili zen bezala, geroztik erdia baino gutxiago eta tarte luzean ezer ez dugu erabili (erabilitakoa itzultzen joan baikara), interesak gutxiago ordaintzeko. Dena dela, badaezpada ere, operazioa irekita mantendu zen urte beteko epe osoa bukatu arte eta, ziur aski, hau irakurtzen duzuenerako, hasierako kopuruaren erdirako (45.000 €) berrituta egongo da beste urte beterako (frontoiaren berritze lanei aurre egin ahal izateko, batez ere).

Izarrak berreskuratu.

Aldameneko oharrean gastu murrizketen artean argindarrarena aipatzen dugu. Jakina, murrizketa honek beste ohiko kontsumo batzuetan bezala (gasa, telefonoa, ura, erregaia, etabar) erabilera hobeago eta efizienteago batekin du zerikusia, ahal den heinean behintzat.

Baina badaude aipatzea merezi duten kasu bereziak, argiteri publikoarena kasurako. Honezkero jabetuko zineten, urte bat dela, herriko argiteri publikoan ordu batetik aurrera erdia besterik ez dela geratzen piztuta. Honek, noski, aurrezte ekonomiko eta energetiko bat dakar berarekin. Baina ideia honekin hasi ginenean beste arrazoi bat ere bazegoen hori egitearen atzean: izarrak berreskuratzea.

Gure moduko herri batek dituen ondare guztietatik, askotan oharkabean pasatzen zaizkigunen artean bat gaueko zeru ikusgarria da. Haundia izan gabe, inguruko edozein hiritara joatea nahikoa da honetaz ohartzeko, kaleko argiak ez dizkigula izarrak ikusten uzten (nahiz eta neurri hau leku askotara zabaltzen hasi dela dirudi). Azken finean, argi artifiziala ez dagoenean (edo gutxi dagoenean), norberaren etxetik edo albotik gora begira jarri eta eskura daukagu izar joko ezin ederrago hori; ilargi beteak txoko guztiak trabarik gabe txuriz argitzen ikusi ahal izatea ere ez da nolanahiko sentsazioa; agian izarrak eta beste meteoroak berriro ezagutzen eta izendatzen hasteko aukera izan dezakegu, umeak eta nagusiak berdin; enfin...

Agian urliak ‘a ze txorakeria’ pentsatuko du edo sendiari argiteri publiko indartsuak eman dezakeen ziurtasun sentsazioa gailenduko zaio, edo berendiari oraindik argi gehiegi dagoela irudituko zaio baina, edozein kasutan, aurrezte eta gozamen aukerak bibiak elkarrekin doaz.

Beste eztabaida interesgarri baterako gaia hau ere.

2011 URTERAKO UDAL AURREKONTUA

GASTUAK

  • 1. KAPITULUA: pertsonal gastuak - 137.755,72 euro
  • 2. KAPITULUA: gastua ondasun arrunt eta zerbitzuetan - 100.800,00 euro
  • 3. KAPITULUA: finantza gastuak - 1.500,00 euro
  • 4. KAPITULUA: transferentzia arruntak - 78.043,55 euro
  • 6. KAPITULUA: inbertsioak - 105.276,18 euro
  • 9. KAPITULUA: pasibo finantzieroak - 20.000,00 euro
  • Guztira - 443.375,45 euro

SARRERAK

  • 1. KAPITULUA: zuzeneko zergak - 50.100,00 euro
  • 2. KAPITULUA: zeharkako zergak - 5.000,00 euro
  • 3. KAPITULUA: tasak eta bestelako diru sarrerak 37.814,00 euro
  • 4. KAPITULUA: transferentzi arruntak - 272.300,00 euro
  • 5. KAPITULUA: ondare sarrerak - 4.210,00 euro
  • 6. KAPITULUA: inbertsio errealak besterenganatzea - 0,00 euro
  • 7. KAPITULUA: kapital transferentziak - 91.560,42 euro
  • 8. KAPITULUA: finantza aktiboak - (-)17.608,97 euro
  • 9. KAPITULUA: finantza pasiboak - 0,00 euro
  • Guztira - 443.375,45 euro


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala